XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udaberria urreratzen denean, denak batean esnatuko balira bezala, han dihoaz, lorez-lore, bakoitzak bere eginkizuna kunplitzera.

Zomorro hauek, polinizazio nahasia, nahi gabe nola egiten duten ikusi baino lehen, merezi du erleez zertxobait esateak.

Baina, zergatik erlea, eta ez liztorra edo beste zomorroren bat?.

Liztorra edo beste edozein zomorro, erlea ez besterik, bakarka bizi delako, eta bakarka lan egiten duelako.

Erlea dugu familian bizi dena.

Familiatik edo multzotik kanpora, erleak ezin du bizi, eta, bakarrik, akabatu egingo litzateke.

Erlea, familia barruan bizitzera, eta familiko organizazio barnean lan egitera behartua dago.

Milaka eta milaka bizitzen direlarik, sagasti bateko loreak ernaltzeko, askoz errazago egingo dute, liztorrak edo beste euliak, bakarka, baino.

Horregatik, erleetaz mintzatu nahi dugu.

Ez guk kapritxoz aukeratzen ditugulako, beren balio ikusgarriak hala agintzen duelako baizik.

Aurreko menderaino, eta oraindik gizonak behar bezala erleei probetxurik kentzen etzionean, erleak berak moldatzen zituzten etxeak edo gordelekuak, eguraldi txarretatik ihes egiteko.

Zuhaitz usteldutan, harkaitz zulotan edo orma zaharretako babesetan, beren bizitzak antolatzen zituzten, batzutan.

Geroago, gizonak, erleen aberastasuna ikusiaz, baserri atarietara pasa zituen erle familiak, erle-kutxatan sartuaz.

Ganbarako leihotan ikusi izan dira, baina gehienetan, toki irikietan ezarriak izan dira.

Lehenengoz, kutxak, lastozkoak ziren.

Geroago, egur oholezkoak.

Gaur, plastikozkoak ere, ezagutzen dira.

Erle-kutxa batek, indar-indarrean dagoenean, 70.000 edo 80.000 erle izanen ditu.

Indar gabeko erle-kutxak, 30.000-tik gora.

Eta, Euskal Herrian ikusten diren erle-kutxak, 50.000 erlekoak dira, jeneralki.

Hiru motako erleak bizi dira erle-familia batean.

- Arrak edo alperrak - Emeak edo langileak - Erregina.